2013-11-28

Andatza Mendi Taldearen 'Mendi Astea' gaur hasiko da





Gaur arratsaldean hasiko da Andatza Mendizaleen Elkarteak antolatutako mendi astea. Datozen egunetan ikusentzunezkoak, argazki emanaldiak eta ibilaldia izango dira. Ekitaldi hauei hasiera emateko Uxue Berridiren '2010 Marimendiak Andeetan' hitzaldia eta ikusentzunezkoa izango da gaur Sutegi eraikineko auditorioan arratsaldeko 19:30etatik aurrera.
2010ean Marimendiak itsasoaz beste aldera Andeak ezagutzera joan ziren, hiru gailur egitera. Oraingo honetan arrakasta gozoa, baina gazia ere ezagutzen dute, hala ere ,denak ondo itzuliko dira eta helburuak beteta : Ishinca (5.550), Urus (5.470) eta Pisco (5.752).
Emakumeak dira marimenditarrak. Berrogei urte beteak dituzte eta emakumea eta mendia hurbildu nahi dituzte, «eta erakutsi ez dagoela mugarik norberaren garapen pertsonalean, norberak bere buruari jartzen dizkionetatik at.Ezta aisia gozatzeko unean ere».
Ikusentzunezko honetan 2010. urtean Perun, Mendikate Zuriko Piscon, Ishincan eta Urusen, 5.000 metrotik gora izandako bizipenak ekarriko dituzte. Peru hego hemisferioan dago eta uztailean, gure udan, han neguan daude, gure parametroen arabera hotza baino gehiago lehorra. Andeek zeharka-tzen dute iparretik hegora eta beraz oso menditsua da Peru. Handiak dira mendiak, asko eta asko zailtasun handikoak, behin bakarrik zapalduak. Huascaran 6.678 metrokoa da Peruko mendirik garaiena.